2007/11/09

Baina bihotzak dio - Xabier Montoia

BAINA BIHOTZAK DIO. Xabier Montoia. Elkar, 2002.




13 narrazio desberdinak eskeintzen dizkigu Xabier Montoiak liburu honetan. Istorio bakoitzari gai jakin eta desberdin bat dagokio. Gaiok gure bizi-inguruan indarra eta eragina duten gurutz puntuak dira. Lehen istorioa nerabe betengan gurasoen banaketak sortzen duen angustian murgiltzen gaitu, egoera horretako sentimendu eta emozioetan ezinbesteko empatia batean irakurlea kokatzen duelarik. Kasu honetan mutil nerabe baten mingoztasuna arnasarazi egiten digu irakurketa aurrera doala. Ez istorio honek, ez besteek, ez dute amaierarik; gaiaren inguruan sortzen den korapiloak ez dakigu zein eboluzio izango duen pertsonaien geroaldian. Irakurleari, ordea, narrazio gehienek uzten diote irakurketaren amaieran pertzeptzio eta sentsazio amaituak: etsipena, sentimentuen aldarkotasuna, ezintasuna, maitasunaren amaiera, bakardea, ...

Beste gai batzuk dira infideltasuna, suizidioa, drogen ondorioak, ... Guztietan amaiera irekia da, eta pertsonaiak ez dira subjetuak, objetuak edo motiboak baino ez gaur egungo errealitatearen erretratuak egiteko. Ez du egiten idazleak pertsonaien deskribapen psikologikorik eta gutxiago beraei buruzko juizio edo balorapenik, hori dena irakurlearen lana da. Hala ere, idazleak ez du behartzen irakurlea balorazio moralak edo etikoak egitera, pertsonaiek nolabaiteko ikutu tragikoa zentzu klasikoan dutelako, hau da, beraingandik kanpo dauden ezinbesteko gertaera, indar edo joeren menpe daude. Testu-inguru batek, edo bizitzak berak, ezartzen dituen baldintzekin ezinean daudenez pertsonaiak, irakurlea kupidatu egiten da beraiekin bera ere izan daitekelako harietako bat. Beraz, istorio bakoitzaren gaiaren trataerak ez dio irakurleari distantziarik hartzen uzten. Pertsonaien emozio eta sentimenduen mundutik igaro behar du irakurleak. Nire ustez, Xabier Montoiak hori ondo lortzen du, eta sinesgarritasun handiago emateko agian pertsonaiei kokapen geografikoa ematen die: burua eta bihotza Euskal Herrian, itxaropenak eta fantasiak atzerrian. Norberaren kontuak eta inguru hurbilekoak ere atzerrira eramaten ditu, han urrutian ez dagoelako leku urrutiagorik ihes egiteko eta itxaropenentzako ez dago itxaropen gehiagorik. Egoera mingarri horietan zerbait argitu daitekelakoan edo, pertsonaiak identitatearen bila ari dira, eta irakurlearen pretzepzioa da bilatze horren aurrean ez dagoela ezer, eta zeozer badago gutxirako izango dela. Dena dela, azkenerako uzten digu idazleak bidairik latzena, hau da, norberaren herrian norberaren burua erbesteratzea. Istorio bakoitza irakurri ondoren etsipena eta samina geratzen dira giroan, baina eguneroko errealitatetik oso hurbil izan garen sentimendua ere.

Narrazioen egitura aldetik konfliktoa ez da aurkezten bat batean, narratze prozesuarekin batera ixurtzen doa apurka eta istorioa dramatismoaz koloreatzen doa. Narratzaileak korapiloaz irakurlea bakar-bakarrik uzten du, beronek bere ondorioak atera ditzan. Ez narratzaileak, ez pretsonaiek, ez dute iritzirik ematen ("narratzaile zero"). Esan ere, errealismo kritikoan koka daitekela autorearen lana, nahiz eta errealitatea erakusteko fikziora jotzen duen. Paradoja hori bihurritu egiten du autoreak bere liburuan, errealitatean sartzen bait gaitu fikziozko narrazioen bitartez.

Amaitzeko esan, liburuaren izenburuak modu sinplean eta errazean seinalatzen duela barruan dakarrena. Eta bide-batez, zoriondu Xabier Montoia gaur bertan Literaturako Euskadi Saria (2007) irabazi duelako bere azken narrazio bildumarekin, Euskal hiria sutan. Epaimahaiak justifikatu du saria liburuan goi-mailako literatura dagoelako eta euskara aberatsa eta ulerterraza erabiltzeagatik. Irakurleon txanda da orain.




Joseba Bilbao

No hay comentarios: