2007/11/07

Han goitik itsasoa ikusten da

Julen Gabiriaren “Han goitik itsasoa ikusten da” nobelako protagonistak, Romanek, mutikotan Nino Bartali txirrindulari italiarra ezagutu zuen Euskal Herriko Itzulian. Urte gutxitara, Gerra Zibilean, atzerrira bidalitako Roman gaztetxoak Tourreko etapa bat korritzen ari zela egin zuen topo Bartalirekin. Beranduago Bartali ezagutu nahiak bultzatuta, Italiako Ponte a Emara joan zen, txirrindularia bizi zen herrira..
Kontaketa, batez ere liburuaren lehen atalean, leku eta denbora saltu ugariz egindakoa da. Hala ere, ez du ulermena oztopatzen, eta haria normaltasunez jarrai daiteke irakurketan aurrera egin ahala. Baina, uka ezina da gertaerei dagokienez hutsuneak gelditzen direla. Hiru-lau pintzelkadatan margozten ditu gerra aurrean eta gerra zibilean protagonistaren familiakoei gertatutakoa.
Behar bada, hutsune horiek Romanek gaztetxotan atzerrian sentitzen duen hutsunearen ispilu izan daitezke: familiarik eza (aita hilda, ama urrun), pena txikitan egin gabeko gauzengatik, edo aurrerago azalduko den deserrotze sentsazioa.
Bestalde aipagarria da atal honetan azaltzen diren fantasia ukituak.
Bigarren atalean kontatzen dena Ponte a Eman gertatzen da Mussolini agintean zegoela, eta fazismoa pil-pilean. Errepresio giro honetan, Roman Ginoren herrian azaldu zenean, pertsonai bitxi multzoa bizi zen bertan, bakoitza bere erara iraultza egiten saiatzen zirenak. Adibidez Fray Ciccillo, txoriak ebanjelizatzeaz gain, juduak ezkutatu eta dokumentazio berria ematen ziena, bizimodu berria hasi ahal izateko; Luca pelikula italiar txarrak ipintzen zituena, herritarrak nazkatu, zinemara joateari utzi eta herritarrak gobernuaren kontrara altxatuko zirelakoan; gauaz pertsona bera beste lau edo bostekin elkartzen zen pelikula amerikarrak ikusteko; Aggio okina, Musolinik gereziak marikoien kontua zirela esan zuenetik, egunero ogi baten gerezi bat sartzen zuena; Livia, neska judua, arropa edo itxura aldaketarekin tradizioari ostikoa eman nahi ziona; Signora Maria herrian erreferendunak egiten zituena gaztetan eta eskumatarra izan arren Pablo bere etxean ezkutatu zuena; Pablo dokumentuak faltsutzen zituen marinel Portugaldarra, Nino Bartali txirrindulari ospetsua gurpilean ezkutatuta faltsututako dokumentuak eramatearen ardura hartu zuena, eta abar. Azken hau kenduta herriko pertsona arruntak, anonimoak nolabait esatearren, bakoitza bere txikitasunean lan handia egiten ari zirenak..
Bertako herritar batek, Nino deskubritu zuen Oscar mekanikariak, gerra ez dela kaletik ikusten, sufritu egiten dela eta agintariek bulegotik ikusten dutela dio. Beste alde batetik, jende normalari utzi behar zaiola gauzak esaten, eta liburuak beti izan beharko luketela jende txikiari egindako begirada uste du.
Eta ez ote da horixe berori liburu honetan neurri handi baten egiten dena? Herriko pertsona zehatz batzuen bizipenetan oinarrituta kontatzen da Historiaren zati bat.
Aurretik esandakoari lotuta dago protagonistak Ponte a Eman denboratxo bat eman ondoren egindako hausnarketa. Romanek dionez Gino Bartalik enziklopedia edo liburuetan agertu beharko luke, baina ez errepidean egindakoagatik, bizitzan isil-isilik egindako merituengatik baino, hori baita bere ustez liburuetan azaltzeko arrazoia.
Hori izan ote zen Julen Gabiriaren arrazoia Gino Bartali nobela honetako pertsonaiatzat aukeratzeko?

Hizkera aldetik txukuna da eta oso kontuan hartzen ditu garaia eta pertsonaiak nongoak diren erregistro aldaketak egiterakoan. Horren adibide dugu Roman eta bere gurasoen hizkera
“...Romanek entzun zuen gaur jakingozu noren truke kendu neutsun zubillinddarie.” (19.or.)

1 comentario:

NAGUSIAK dijo...

Klika ezazu hemen, ea ados zaudeten Angel Errok esandakoekin: http://eibar.org/blogak/volga/28