NEGUKO ZIRKUA Harkaitz Cano
Hemeretzi ipuinez osatutako liburua dugu Canoren hau. Badirudi Canok ipuin hauetan bere sormena askatu duela eta esperimentazioan murgildu dela oso literatura berritzaile, pertsonal eta gogoangarria emanez.
Ipuinotan darabilen hizkuntza oso zaindua eta depuratua da, berbazaletasun nabari batez jantzita. Kontakizunean dena kondentsatzen da, hizkuntza eta edukia. Forma zein mami aldetik abangoardiaren eragina antzeman daiteke. Surrealismoaren ukitua du. Bestalde, irakurlea Canoren burutazio eta ideien originaltasunaz miretsita geldituko da, adibidez, bere pertsonaien izenak asmatzeko erakutsiko duen salero bereziaz…
Zinema, telebista eta literaturako erreferentziak eta iruditeria mordoa da, baita maite dituen idazle zein artistei buruzko aipuak. Mundu propio bat garatuko du oso estilo indartsua erakutsiz.
Formari dagokionez ezaugarri pare bat azpimarratuko ditugu: Bat. 3. pertsonak, barne-bakarrizketak eta elkarrizketak bereizgarri ortografikorik gabe emango dizkigula, dena nahasiz, eta irakurlearen inteligentziaren esku utzita horren guztien bideratzea. Bi. Ipuinon bukaera asko bukatzear daudela diruditela, irakurleak zarratu dezan itxi gabeko atea.
Laburbilduz, liburua gomendatu egiten dizuet, hala ere, ez zaitezte irakurterraz horien esperoan egon! baina ez beldurtu: lehenengo irakurketa gozamena da, eta bigarren irakurketa hura baino hobea: zirraragarria. Behin eta berriro irakurtzeko moduko kontakizunak ditugulako Canok oparitu digun harri bitxi bilduma hau.
2007/11/06
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario