2007/09/26

Bat, bi, Manchester

Ezinezko maitasun baten istorioa da Irati Jimenezek (Mundaka 1977) kontatzen diguna iazko Agustín Zubikarai saria jaso zuen nobela labur honetan.
Pertsonaia nagusiak bi dira: BAT liburuaren narratzailea dugu, bere izena ez da aipatzen, homosexuala, ezkorra, itzultzaile lanetan baina idazle frustatua.
BI Aitor izenekoa, aktorea, baikorra, guapoa, neska guztiak erakartzen dituen mutila eta dena erraza iruditzen zaion horietakoa.
Biak euskaldunak eta biak MANCHESTERren nolabaiteko deserri pertsonalean, inongo euskarririk gabe, elkarrengana jotzen dute.
Zeharo ezberdinak izan arren, pisukideak izango dira . Kontalaria Aitorren sareetan jausiko da eta idazten hasiko da bere maiteminaren kronika sekretua. Kontrako sentimenduez betetako mosaiko afektiboa ederto islatzen du kontalariak, Jimenezen alter ego oraingo honetan. Beronek ere pairatu izan du idazteko prozesu konplexua.
Txalotzekoa da Jimenezek erabiltzen duen istorioa narratzeko era, niri behintzat trama bera baino gehiago gustatu zait. Maisuki erabiltzen ditu metaforak oso bisualak dira, dena sinbolismoz beterik dago, zelan tartekatzen dituen hitzak ingelesez komeni denean, hitz jokoak, atalak lotzeko modua ...
Beste aldetik, oso irakurketa erraza eta arina da, 89 orrialde besterik ez.
Istorioari dagokionez esan nahi dut oso aproposa iruditzen zaidala liburu honek jaso duen kritika baten azaltzen den izenburua, ondoko hau: "Bai, bueno, ez dakit".

No hay comentarios: