2007/09/24

Eulien bazka

EULIEN BAZKA

“Nork bere irakurketa” ariketa egin genuenean, burura etorri zitzaidan lehen liburua Hasier Etxeberriaren Eulien bazka izan zen.
Liburuaren protagonista Damian Arruti entomologoa da. Damian hilda sentitzen da. Medikuak eztarrian kartzinoma ezkataduna duela esan dio. Damianek olagarroa dela dio.
Hau da egun gutxi batzuk iraungo duen istorioaren abiapuntua. Hemendik aurrera gai potoloen gainean gogoeta asko: heriotza, etsipena, bakardadea, maitasuna, lagunak, abertzaletasuna…; eta, Damianek aztertu behar duen gertaera nagusi bat, haren emazte ohiarena izan daitekeen hilketa bortitza. Tartean Hondarribiko Zoriona, Damianen etxea, bere bizitzan falta den hori hain zuzen ere; haren zaletasuna, euliak, mota guztietako euliak; Jaione, emazte ohia, eta bere mundua; Véronique eta Lupe, Damianen maitaleak…
Liburu erakargarria, hasi eta jarraian irakur daitekeen horietarikoa. Eleberri hau edonori gomendatzeko arrazoi ugari aurkitu ditut: alde batetik, ikutzen diren gaiak gogorrak badira ere modu samurrean idatzita daudela esango nuke. Horrez gain, gaiak hurbilak dira, guztion buruan dauden gaiak dira. Lekuen, pertsonen eta emozioen deskripzioak, nire ustez, ederrak dira. Bisualak dira, zeharo bisualak. Batzuetan filme baten aurrean zaudela dirudi. Bestetik, erabiltzen den euskara argia, irakurtzeko erraza eta jariotasun handikoa dela pentsatzen dut; horrek bizkortasun handia ematen dio istorioari.
Liburua bukatu nuenean Damian Arruti entomologoaren etorkizuna zein izan zitekeen jakiteko irrikitan geratu nintzen, horregatik, Mutuaren hitzak eleberria argitaratu zenean segituan eskuratu nuen… baina… hori beste istorio bat da.

No hay comentarios: