Oso memoria txarrekoa naiz, eta hala, ikusitako filmak eta irakurritako liburuak, normalean, oso denbora gutxian ahazten ditut. ez dira asko,beraz, nire gogoan luzaro irauten dutenak: benetan gustatu zaizkidanak edo sentsazio berezia utzi didatenak.
Horietako dat da Anjel Lertxundik idatzitako Otto Pette nobela liluragarria, oraindik gogoratzen baitut duela hamahiru urte irakurtzean izan nuen gozamena.
Kontatutakoa Erdi Aroan gertatzen da, eta idazleak trebetasun handiz murgilarazten gaitu garai hartako giroan, mundu ilunean, hainbat pasadizo misteriotsuetan jakinmina eta itolarria setiarazi arte.
Gaia zein den zehaztea erraza ez bada ere, dirudiena baino sakonagoa da, eta boterea eta heriotzaren aurrean egindako bizitzaren errepasoa aipa litezke, besteak beste.
Pertsonaia nagusi bi dira eta bietako batek, Otto Pettek, kontatzen digu bien arteko borroka dialektikoa, psikologikoa eta azkenez fisikoa ere izango dena.
Hizkuntzari dagokionez, egindako ahalegina nabarmena eta emankorra izan da, eta narrazioaren koxkak gaindituz euskara garaile ateratzen da. Halaber, lexiko izugarri aberatsa erabiltzen du, mementu batzuetan irakurketa moteltzen duena. Irakurle zorrotz batek hiztegia beharko luke aldamenean, baina irakurketa ludikoagoa ere egin liteke.
Dudarik gabe egilearen libururik onena da, eta, nire aburuz, euskal literaturan oso idazle gutxi heldu dira honelako lan literario borobila idaztera.
2007/09/24
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario