Presentaziorik behar ez duen Joseba Sarrionandia dugu Lagun Izoztuaren egilea eta oso ondo ezagutzen duen errealitatea hartu du gai: erbestea.
Lan handi (luze eta on, biak) honetan oso modu grafikoan azaltzen da erbestearen drama. Nobela autobiografikoa ez bada ere, benetako gauza asko kontatzen dizkigu duda barik, kalitateko literatura eginez.
Lagun izoztua Goio da. Nikaraguan erbesteratua dago, erizain lanetan aritzen da, eta autismo moduko gaitz batek jota geratu da, hutsari begira eta komunikatu ezinik, izoztuta bezala. Errefuxiatuen postariak, Maribelek, laguntza eman nahirik, Ekuadorrera joko du, Andoni, Goioren gaztetako lagunaren bila, eta azkenean Kolonbiara eramango dute hango klinika batean osatzeko. Istorio hau guztia Maribelek orain aldian kontatzen du.
Aldi berean eta kontrapuntuan beste istorio bi kontatuko dira eta benetako Goio ezagutu ahal izango dugu:
Batetik, Andoniren ahotik eta lehen aldian, Kalaportun, Bizkaiko kostaldeko herritxo batean kokatuko dira Goio eta Andoni eskolakideak izan zirenekoak. Frankismoaren garaiko giro sozial eta politikoan murgilduko gaitu.
Bestetik, Goiok sendatu ondoren Antarktikara erizain moduan egingo duen bidaia kontatuko digu protagonistak berak, oraingotan gero aldian. Bizitza urriko paraje ikusgarri hartan protagonista txiripaz salbatuko da egoera limite batera iritsi ondoren. Istorio honen bukaera ustekabe xamarra izan arren amaiera bukaera zoriontsu bezala sailkatuko dugu.
Hiru ildo hauek paraleloan garatzen dira. Erabili duen egitura honek interesa etengabe mantentzea lortzen du eta gainera hiru istorioak oso modu atseginean txandakatzen dira. Esan beharra dago nobela guztian zehar halako sentsazio hotz bat senti dezakegula, malenkonia, tristura puntu bat.
Sarrik hainbat gairi buruzko gogoeta sakon eta mamitsuak egin ditu nobelan zehar. Beste lan batzuetan irakurri dizkiogun gaiak aurkituko ditugu berriz ere: bidaia, itsasoa, paradoxa, naturarekiko joera berezia, erbestea…Beti ere modu argi, gozo eta sentikorrean. Batzuetan ironia ere azaleratuz.
Oso liburu mamitsua da: irudiz, sinboloz eta esanahiz beteta dago.
Niri bereziki darabilen hizkuntzak sortu dit gozamenik handiena: euskara estandarra baina oso bizia. Umore fina eta inteligentea darabil. Esaldiak freskoak eta aldi berean borobilak dira. Irteeretan originala da.
Oso nobela luzea izan arren ez dut uste esaldi bakar bat ere debalde dagoenik.
Beraz, denbora pixka bat duzuenean irakurtzeko modukoa dela uste dut eta gomendatzen dizuet, benetan.
2007/09/24
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
2 comentarios:
Ados Anak esandako guztiarekin. Ahal dela, negu gorrian irakurri beharrekoa (R600n zaudeten bitartean?).
http://kritikak.armiarma.com/?p=471
Goiko helbide horretan Javier Rojoren kritika bat dago. Berak, dioenez, nobela honetan kontatzen ez dena, kontatzen dena bezain garrantzitsua da. Zer ote da kontatzen ez delako hori?
Publicar un comentario