2007/09/18

PARADISUAK

Audenen teoriei jarraituta, eta Volgatarrei jaramon eginda, hona hemen nagusietako baten paradisua:
Paisaia: Ingalaterrako Kentekoa bezalakoa; hots, berdea, muino txiki batzuekin, errekastoak, zuhaitzak, zaldiak, cottageak... Urrutian, baina, mendi altuak eta elurtuak ageri dira. Kostaldean labar izugarriak daude, eta hareazko hondartza txikiak.

Klima: Euritsua eta freskoa: ez da tropikaltasun izpirik. Neguan hotz handia egiten du eta normala da pare bat hilabete elurpean ematea. Udan 28 bat gradu, juxtu itsasoan sartu-irten bat egin ahal izateko. Urtaroak argi eta garbi antzematen dira.

Hizkuntza: Hizkuntza asko hitz egiten dira. Koiné-tzat hizkuntza bakarra erabiltzen da.

Biztanleen jatorri etnikoa: Ugaria, baina gehienak nordikoak dira.

Pisu eta neurriak: Sistema metriko hamartarra.

Erlijioa: Erlijio berri asko daude baina jenderik gehiena agnostikoa da; hori bai, mundu guztiak hartzen du parte egun jakinetako erritoetan, benetan ikusgarriak izaten direlako. Aspaldian utzi ziren alde batera gorputza eta arima torturatzeko eskatzen zuten erlijioak (katolizismoa, islama, hinduismoa, etab.).

Hiriburuaren dimentsioak: Galanta, 8 milioi biztanlekoa.

Gobernu modua: 400 parlamentario dituen kongresua. Urte bian behin oso-osorik aldatu behar da. Parlamentuan populazio osoak hartu behar izaten du parte gutxienez bizitzan behin.

Natur energien iturriak: Zaborra eta eguzkia.

Jarduera ekonomikoak: Merkataritza da hiriburuan nagusi: denetariko dendak daude, oso espezializatuak (Marveleko komikiak, Kretako musika turkoa edo Tibeteko mandalak egiteko harea saltzen dutenak, esate baterako), eta asko eta asko bigarren eskukoak dira. Hiriburutik eta herriguneetatik kanpora, nekazaritza eta abeltzantza lasaia. Industria lur azpian dago: curri antzeko batzuek egiten dute lan bertan, senak hala eskatuta.

Garraiobideak: Trenak, monorrailak, zaratarik gabeko hegazkinak, auto elektrikoak, bizikletak, belaontziak, zaldiak.

Arkitektura: Mota askotakoa: klasikoa, erromanikoa, gotikoa, modernista... Hiriburuan etxeorratzak ere badaude, zoragarriak. Barrokoa eta deribatuak (rococoa, esaterako) asmatu ere ez dira egin, zorionez. Le Corbusier eta hiri-etxeak asmatu zituztenak jaio ere ez dira egin, ezta jaioko ere.

Altzariak eta etxeko tresnak: Art-deco asko, baita altzari funtzional minimalak ere. Etxeko garbiketa-eta robotek egiten dute.

Janzkera formala: Gizonezkoek, janzkiak, korbata eta guzti. Emakumezkoek, gonadun janzkiak. Janzkera informala, berriz, oso-oso pertsonalizatua.

Hedabideak: Egunkariak eta Internet.

Monumentuak: Eskulturak, arkuak, abadien hondakinak, iturriak, antzinako tenploak, cromlech-ak. Eskultura handiegiak debekatuta.

Dibertsio publikoak: Sexua, zinema, antzerkia, kontzertuak, jatetxeak, kafeak, kirolak... Denetarik asko, eta 24 ordu zabalik. Ez dago txikiteoan ibiltzeko ohiturarik.

Eta hauxe da nire paradisua. Ez ahaztu zurea idazten zeure kritikak egin aurretik.

No hay comentarios: