2008/02/06


ETXEBERRIA, Hasier.
"Eulien bazka"
Susa, 2003

“Hilda hago, pentsatu zuen Damian Arrutik. Harriak baino hildago” Lehenengo kapituluan protagonista agertzen zaigu, etsipen handiko pertsonaia, malenkoniaz, eta batez ere bakartia.
Kartzinoma terminala duela diotenean, bere barruak jaten ari da.
Hitzez hitz saltoka doa, eta hitz bakoitzean, zauritu nahiean, kolpe bat eman nahi dio minbiziari, eriak berak berarekin akabatu baino lehen. Hi-tzak-lu-za-tzen- etaesaldiakmozten. Horrela loak hartu arte. “Ez du ezer pentsatuko. Hilda egoten hasiko da ikasten”. Ametsetan azkeneko une goxua dastatzen hasi den momentuan errealitateak iratzar egingo du. Bere emazte ohia hilda dago.
Hemendik aurrerantz nobela poliziako baten barruan sartzen gaitu.
Bere bizitzako azkeneko urteei aurre eman beharko die: emazte ohia dela, lagun minak direla, aurreko amorante sekretua dela, amorante berria dela, eta batez ere bere bete egin gabeko desioak.
Nobelaren bukaeran emazte ohia bizirik agertzen da eta Damian konorterik gabe, hilda balego bezala geratzen da.
Protagonista bera narratzailea da, espirala da trama, minbizia kentzeko ebakidura da hasieran eta ebakidura bera dugu bukaeran. Hausnarketa baino ez da, batzuetan behaztopoz, bestetan oinak arrastaka, baina ideia horretan bueltaka eta bueltaka dihardu: “Zoriona, kaka zaharra... hilda hago”.
Lexikoa aberatsa da, sinonimoz betea. Gaia erakargarria da eta sentimenduz josita dago. Hasier Etxeberriak hizkera bizia eta ugaria dakarkigu.
Beraz liburu hau ez da euli kaka euli bazka baino.

No hay comentarios: