2008/02/16

ZUBIGILEA, Lutxo Egia


ZUBIGILEA
LUTXO EGIA
Zarautz, Susa, 2007
Cristina Usobiagaren komentarioa

Lutxo Egiak nobela honetan gaurkotasun handiko gaia dakarkigu, hots, hiri bateko berritze asmoen egokitasunarena. Hiria Bilbo da eta Bilbok eraldaketa handia jasan du azkenengo urteetan. Baina hirigintza aldaketa horiek burutzeko dauden egitura zaharrak, hots Bilboko zubi zaharrak, ezin dira ahaztu. Iraganak beti orainaldia baldintzatzen du, hemen ikusten den bezala. Nobela honetan bi historia tartekatzen dira, bata gaur egun gertatzen dena, protagonistarena, Bilboko arkitektura estudio batetan lan egiten duena. Italiatik etorriko den arkitekto famatu bati, Enzo Padovanori, Zorrotzaurre ingurua egokitzen lagundu behar diote. Zorrotzaurre irla bezala utzi ala penintsula bihurtu beste zubi bat eraikiz? Tartekatzen den beste istorioa urte asko lehenago hasten da, 1964ean, futbol kopako finala zela eta, Espainia eta Sobietar Batasunaren artean. Bartzelonan ospatu zen eta bertan banderen sabotaia egin nahi zutenak, Dimitri, Andrei eta Sasa Peruarena&Del Val arkitektura estudioari era batetan edo bestean lotuta ikusten ditugu. Narratzailea estudio honetan lan egiten du Andres Peruarenarekin, beste garai bateko Andrei. Ez dakigu narratzailearen izena, lehenengo pertsonan hitz egiten du beti.
Liburua Menorcan hasten da eta Menorcan bukatzen da. Esan bezala, Bartzelona eta Bilbo ere agertzen dira, Bilbo nagusi, noski. Leku guzti hauei buruz informazio zehatza ematen zaigu, hau da, izen propio ugari, toponimoak, jatetxeak, ezaugarri konkretuak, idazleak bere ezagutza jakinarazi izango baligu bezala: “Norwicheko andereak”; “Walkers Salt &Vinegar”; Pariseri buruz hitz egiten duenean, nobelaren hasieran , Toulouse-Lautrec eta bere koadro bat, “La Golue” aipatzen ditu ere. Nobelaren azkenengo partean “El Perro Chico” aukeratzen dute gure pertsonai nagusiek afari inportante bat egiteko. Leku ona, noski.
Nobelaren gaia erakargarria da eta nahiko atsegina da. Baina nik uste dut apur bat korapilatsua dela ere bai, ez bakarrik bi istorioa daudelako, baizik eta erreferentzi asko ez dakigulako nondik datozen, ez dakigu nori buruz ari den hitz egiten, futbolaria, edo banderen ekintzan parte hartzera joan zen bilbotar horietariko bat ... Paragrafo berean iraganako istorioa eta orain aldia nahasten du askotan eta irakurleak ez daki nondik nora dabilen. Idazleak elementu asko sartu ditu nobela labur batetan eta ondorioa ez zaio guztiz borobila atera.

No hay comentarios: