2008/02/19

Sara izeneko gizona


ATXAGA,Bernardo: Sara izeneko gizona, Pamiela, Iruñea, 1996
.
Liburua argitaratu zenean, kritikoek eta Atxagaren literaturan adituek ohartarazi zuten “Obabakoak “ edo “Gizona bere bakardadean” pareko lana irakurri nahi zutenak ez zirela aseko; ordea, irakurtzea atsegin hutsa dutenek ziur gozamena sentituko zutela. Hori izan da nire kasua; hasieratik atseginez irakurri ditut Sara izeneko zelatari karlistaren Etxarri eta Irurtzun inguruetan izandako ibilerak eta gogoetak.
Eleberriaren jatorria nahiko ezohikoa izan da. Ez da autoreak euskaraz egindako nobela bat, baizik eta gazteleraz idatzitako, Un espía llamadoSara, irrati-saiotik abiatuta El Correorako atalka argitaratzeko eleberri euskaratua. Beraz, itzulpena dugu Atxagaren narrazio hau; eta, hala ere, adituek dioten bezala, ez zaio nabaritzen beste hizkuntzatik datorrenik.
Liburua objektu bezala hartuta oso ederra eta goxoa egiten da eskuetan. Erabilitako edizioan azala eta barruko hainbat orrietan marrazki eta lamina dotore daude, batzuk Josemi Goyenak egindakoak, besteak, Baroi G. von Rahdenek 1834. urtean eginiko kartografia.
Martín Saldías, Sara izeneko gizona, da errealitatearen eta literaturaren arteko jolas honen protagonista. Carlosen eta Isabelen jarraitzaileen arteko desadostasunek Lehen Gerra Carlista piztu zutenean, Martín Saldíasek ez zekien historia xume baten jabe izatera iritsiko zenik. Baina jakin badakigu egunerokotasunean egitera ausartzen ez garena, egoera ezohikoetan, askotan gertakariek bultzatuta, gauzatzen dugula. Eta hauxe izan da Sararen kasua. 1834ko uztailaren 14an Zumalakarregiri garrantzi handiko mezua helarazteko asmoz, etsaien (liberalen) goarnizio baten egonleku zen herri fortifikatutik, Etxarri Aranaztik, igaro behar izan zuen; estu eta larri, ikarak akitzeko arriskuan zegoela, liberalek libre utzi zuten zain zeuden espioia andrazkoa (Sara) zelako. Baina esperientziarik gogorrena Carlistarren kanpamenduan, Irurtzunen, izan zuena: Gran Viako konde liberalaren kontrako erasoan parte hartu zuelarik, carlistarren bandotik zauri larriak sortutako bi tiro jaso zituen, eta errudunaren identitateaz azterketak egitean, ohartu zen lagunen artean etsai bat baino gehiago zuela, edo lagunen eta etsaien arteko marra ez dela horren argia.
Beraz, Atxagaren eleberria abenturazkoa izateaz gain, gogoetarako aukera ere bada. Eta hori lortzen du autoreak barne ahotsak, Arenal Kafeko ugazaba–andrearen pentsamenduak, edo epilogo gisa hainbat protagonisten iritziak adierazten dituenean.

No hay comentarios: