2008/01/28

"Amaren eskuak", Karmele Jaio


Tituluak berak esaten digu zein izango den liburuaren protagonista nagusia: ama. Ospitalean lo dagoen ama, noizean behin begiak ireki eta hitzen batzuk esaten dituen ama. Inguruan izango ditu beti bere alaba, Nerea, eta bere ahizpa, Dolores, noiz esnatuko den zain.
Amaren gaixotasuna dela eta, Nerearen errutina eten/hautsi egingo da, ezustean, inolako abisurik gabe, bere bizimodua hankaz gora jarriz, egoera berriari aurre nola egin asmatu egin beharko duelarik, eta horrek eragina izango du beregan eta bere ingurukoengan.
Nerearen ikuspuntutik dago kontatua istorioa, baina ama da,esan bezala, istorioaren oinarri eta eragile.
Egun 35 urte inguru dituen Nerearen bizitza zer-nolakoa den ezagutuko dugu, baina baita bere haurtzaroko zenbait kontu ere, bere amarekin txikitan bizi izandakoak gogoratzen dituenean. Baina amaren alderdi bat baino ez dugu ezagutuko Nerearen oroitzapenen bidez, amak susperraldietan esaten dituen hitzek, esaldiek lagunduko digute amaren irudia osatzen, Nerearentzat ere ezezagunak diren hainbat kontu ezagutuz.
Eleberria lasaia, hunkigarria da, gorabehera handirik gabea, gustura irakurtzen dena, istorioak hasieratik harrapatu egiten zaituelako, istorioan erraz murgil zaitezkeelako.

No hay comentarios: