2008/01/16

BELARRAREN AHOA


BELARRAREN AHOA

Harkaitz Cano

Alberdania - 2004



Harkaitz Cano idazle gaztea dugu, bere tokiaren bila dabilena Euskal Literaturan. Poesiaz gain, edo poesiaren batera, hainbat liburu idatzi ditu. Haien artean "Belarraren ahoa" hain zuzen ere.



Hemen kontakizun berezia dugu, azken urteetan Euskal Literarutak jasan dituen gaiak alde batera utzita (terrorismo, gerra zibila...) proposamen original batekin saiatu da.



Adolf Hitlerrek Bigarren Mundu Gerra irabazi du. Diktadore handi hau Europa osoaren jabea egin da eta orain bere itsas armaderekin AEBtara doa Roosvelt presidenteari aurre egiteko asmoz. Beste pertsona bat doa barku berean, beste bibotedun gizon txiki bat, baina diktadore beharrean, komediantea dena: Charles Chaplin, "The Great Dictator" filma egin zuen gizona. Horrexegatik atxiloturik dago itsasontziko sotoan eta Hitlerrek berak bere eskuekin torturatu egiten du zinemagilea.



Istorio honekin batera, beste bat kontatzen du: 1886. urtean, Isère izeneko itsasontzian, "Lady Liberty" (Azkatasunaren Estatua) Frantziatik AEBtara zihoan. Baina ez bakarrik, bere koroko kiribilduetan polizoi batek (Oliver Legrand) moldatu zuen bere ohea New Yorkera joateko.



Canok, ohi duen bezala, maila altuko euskara erabiltzen du. Euskara jasoa, euskara jantzia. Hemen, Nobela Historikoa egin beharrean, Historian oinarritutako istorioa asmatzen du. Bi errealitateen arteko konbinazio bat dugu istorio hau ez baita gertakari historikoak bezain objetibo eta errealista, ezta goitik behera asmaturiko istorioa bezain subjetibo eta fantasiazkoa ere. Genero berri baten jaiotza suposatuko du horrek?



Gaia interesgarria da eta idazkera aldetik oso liburua arina; hondartzara eramateko edo trenean irakurtzeko modukoa, bizpahiru ordutan irakurtzen baita. Entretenimendua eskaintzen dio irakurleari eta baita zertan pentsatu ere. Zer gertatu zatekeen Hitlerrek Bigarren Mundu Gerra irabazi izan balu?



Nik oso ondo pasatu dut irakurtzen. Gomendatzen dizuet.

No hay comentarios: