2008/01/21

"Narrazioak", Joseba Sarrionandia



J.Sarrionandiaren "Narrazioak" liburua 1983. urtean argitaratu zen lehen aldiz, baina nik 1985ean irakurri nuen, urte horretako data baitauka etxeko apalean dudan liburuak. Hasiera hasieratik liburu arrakastatsua izan zela esan ohi da, eta horrela izan delakoan nago, 4. argitaraldikoa baita nirea. Baina zergatik dut oraindik gogoan 1985ean irakurritako liburua? Bada, nik propio aukeratuta, euskaraz gozatu nuen lehen liburua izan zelako.
Liburuak 10 ipuin labur ditu, eta guztietan nabaria da J. Sarrionandiak gauzak kontatzeko duen erraztasuna eta gauzak esateko duen modu propioa. Prosa poetikoan idatziak, giro eta erritmo geldoko narrazioak izanik, ez dira irakurtzean luze egiten, egilea ez baita luzamenduetan galtzen. Erreferentzia literario ugari ageri dira, eta narrazio bakoitzak kosmos propioa eta berezia eratzen du. Zenbaitetan espazioa erreala da, eta horietan egilearen unibertso errealak eta fikziozkoak bat egiten dutela ematen du, bere jaioterria eta inguruko lekuak ( Mugarra, Santikurutz, Izurtza, Urkiola) aukeratzen baititu kontatzen duena kokatzeko, gertutasun horrek fikziozko unibertsoan murgiltzen ari zareneko sentsazioa areagotu egiten duelarik. Irakurtzeak merezi du, dudarik gabe.

No hay comentarios: