2008/01/25
GASTEIZKO HONDARTZAK
Xabier Montoia – “Gasteizko hondartzak”
Gustura irakurri nuen Xabier Montoiaren liburu hori, Gasteizko hondartzak. Garai batean Gasteizen bizi izan nintzen eta beraz, liburuan zenbait egora kokatzen diren leku batzuk ezagunak nituen. Liburuan zehar aipatzen diren lekuak, oso ezagunak eta Gasteizen adierazgarriak dira: Dato kalea, Plaza Berria, Florida parkea, Goya gozotegia, Zaramaga aldea, Santiago eta Txagorritxu ospitaleak, …
Liburua hogeita bi ipuin desberdinez dago osatuta. Guztiak Gasteizen daude kokatuta, gerra zibilaren ondoko urteetan. Gaia da Gasteizek bizi izandako azken 60 urteko tartea. Horrela, kontakizun guztiek badute lotura hari bat, jarraipen bat denboran zehar. Lehenengo ipuina 1937an gertatzen da eta azkena gaur egunekoa dugu.
Pertsonaien bidezko lotura oso argia da. Pertsonaiak ez dira errepikatzen, baina kontakizun guztietan agertzen da aurreko istorioko norbait. Batean protagonista dena, bestean bigarren mailan geratzen da.
Balio historikoa aipagarria da. Lehengo ipuinean, Gasteizen alemaniar pilotuak zeuden Gernika bonbardeatu aurretik. Frankismo garai hartan, kalean “Cara al sol” abestia kantatzen zen eta “uniforme” edo arropa urdinez jantzitako gizon mordoa ikusten zen edozein lekutan.
Inprenta klandestinoa eta erregimenaren aurkako jarduerak agertzen dira; etxeetako hormetako pintadak euskaraz; soldaduskan gertatutako gora beherak frankismo garai hartan; hippieak, kanpoko musika talde eta estilo berriak ere kontatzen ditu, adibidez, Jimi Hendrix eta Sex Pistols; lehenengo drogak (haxixa) eta yonkiak; aldi berean, Ursulinak eta San Jose ikastetxeetan hezitako gazteak eta beraien egokitzea gizarte aldakor batean.
Berritze industriala agertu berri zen. Alderdi komunista eta mugimendu sozialak, proletargoarena, nabariak ziren. Medikuntzaren aurrerapenak ere aipatzen dira, kimioterapia adibidez.
Sentimenduak, maitasuna (homosexualitatea, ezkutuko maitasuna…), beldurra, gorrotoa, eta abar, errepikatzen dira liburu osoan.
Hiztegiaren aldetik, gutxitan kontsultatu behar da hiztegia. Idazkera arina eta kontakizun batzuekin identifikatzea ere erraz gerta daiteke.
Erakargarria dugu liburua, gustura irakurtzen dena.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario