Jalgi hadi plazara Itxaro Borda idazlearen azken eleberria da.
Liburuaren protagonista, burutazioz burutazio dabilen, Amaia Ezpeldoi detektibea da. Amaia ikerketa berri baten aurrean dago: Bilbora, onomastika bilkura batera joan ondoren desagertu diren Iparraldeko lau apez euskaltzain aurkitu behar ditu. Misterioa argitzeko Euskal Herrian barrena abiatuko da, lehenengo Isturitzetik Bilbora. Han, Carmen, eratorri mental likitsuetan galtzetik Amaia zaintzen duen maitalea; Haizemin, Iparraldeko ahaire zaharren abeslari transexual hunkigarria eta Estevez, bikotean bizitzeko bere xedea gurutze batez zirrimarratu duen ertzain galiziarra batuko zaizkio Amaiari. Talde bitxi honek misterioari erantzuna emango dion arrazoi harrigarria, baita askatzailea ere, aurkituko dute Gasteizen, Errioxan eta Nafarroako Bardeetan, apezak bai baina santuak ez diren euskaltzainen bila ibili ondoren.
Liburua gomendatuko nuke? Galdera zaila. Alde batetik bai, biziki gainera. Amaiaren ihes mentalek guk ezagutzen dugun mundu erreala, gure gizartean ematen diren egoerak, zalantzak… islatzen dituzte. Gaiak, beraz, hurbilak dira. Arras hurbilak. Euskararen egoera eta identitate sexuala gai nagusiak badira ere, beste hainbat gai ukitzen ditu: hego-ipar aldearen arteko harremanak, euskal literatura, egoera politikoa (edo… etsipena esan beharko nuke?), lana, maitasuna… Hurbilak ere lekuak. Betez ere, Bilbo. Bilboko deskribapenak bikainak iruditu zaizkit. Egiten diren aipamen batzuk hurbilak ere: hain ezagunak ditugun (ikastaroaren erdian gaudelako, noski) Neanderthal eta Homo Sapiens, Lazarraga eta Etxepare… Adin batekoentzat, hurbilak ere Amaiak dituen gogorapen asko.
Esandakoa gutxi balitz, aipatu behar dut ere liburuak sortzen duen askatasun sentsazioa. Hor dago euskaraz bizitzeko aukera, identitate sexuala onartzeko aukera. Azkenean, bakoitzak bere bizitza nahi duen moduan bizitzeko aukera. Halaber, topikoak apurtzeko aukera, euskaldun sentitzen garenok gure burua hain seriotzat ez hartzekoa...
Bestalde, aitortu behar dut hasierako atalak irakurri ondoren erabaki behar izan nuela irakurtzen jarraitzen nuen edo ez. Lexikoa zaila egiten zitzaidan. Hiztegia erabiltzen hasi nintzen. Sintaxia ere ez zitzaidan erraza egiten, esaldi batzuk behin baino gehiagotan irakurri behar izaten nituen. Dena den, jarraitzea erabaki nuen eta, generraikan, negien, nekusan… aditz trinkoei gustua hartu nien. Amaiaren erranahiz hutsak ziren perpausa lerrokatuei, nire ustez esanahiz beteak gehienetan, gustua hartu nien. Amaiaren hitz eta deskribapen argi eta zorrotzei, baita askotan nabarmentzen zitzaion ironiari, gordintasunari eta umoreari ere, gustua hartu nien. Hori bai, hiztegia apalean uztea erabaki nuen eta eleberria, hitzez hitz ulertu ez badut ere, gozatu egin dut.
Laburbilduz, Amaiak eta bere laguntaldeak Thunderbird 666 autoan egin zuten bidaia haiekin egitea erabaki nuen, eta benetan merezi izan duela. Orain, erabakia... zurea da.
2007/10/29
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario