SPrako tranbia liburuak literatur saria jaso zuenenean ez nintzen bat ere harritu. Ez nau harritu ezta ere, Aitzol Aramaiok pelikula hau zuzentzeko nahia izateak. Jakin ezazue, ba, iralekideok, laster barru zineman ikusteko aukera izango dugula . Horregatik, irakurri ez duzuenoi, zinemara joan aurretik, irakurtzeko gomendioa egiten dizuet.
Has gaitezen izenburua aztertzen. Izenburuak berak emango dizkigu zenbait pista-eta. SP Shisha Pangma zortzi milako mendiaren laburdura izango da. Jainkoen tronua omen da bere esanahia. Tontorrera igotzeko Elorriagak tranbia ziztrin bat jarri digu. Ez dago batzerik literaturaren trenbidetik ez bada. Ametsak tontorretan egon arren, errealitatetik sor daiteke zerbait bidea errazteko: tranbia. Idazleak aukera zezakeen beste garraio mota bat, baina nahiago izan du tranbia.
Zer datorkizu burura tranbia entzuten duzunean? Gaur egun hiri modernoetan tranbia berreskuratu nahi da, erosoa, garbia eta atsegina delako. Ez duzu uste? Izan lezake nostalgia kutsu bat ? Bai, baliteke.
Beraz, errealitatea eta fantasia uztartuko ditu, hasi orduko izenburuak fantasia kutsua, magia aurreratuko digu.
Errealitatea eta fantasia trenbidearen bidez lotu ditu Elorriagak, eta munduko mendirik altuenera tirriki-tarraka eramango gaitu Lucasek, nobelaren protagonistak.
Pertsonaia nagusiek, Lucasek eta Mariak, gazte okupa bat aurkitu dute etxean ospitaletik itzuli direnean. Ez dago ikaratzeko arrazoirik, eta egoera berriari aurre egingo diote lasai-lasai. Etxean kanpotar bat topatzea oso naturala dela dirudi, arazo barik onartu dute hirurek, eta elkarren artean sortuko den harremana oso berezia izango da.
Protagonistak muga fisikoak gainditu ditu eta burua galdu duen arren, beste hainbat bizipen berreskuratuko ditu. Rosa , emaztea zena, agertuko zaio, besteak beste. Ametsetako munduan ez dago denbora eta espazioaren artean mugarik. Bizitzaren eta heriotzaren arteko marrak kolorea galdu du. Jainkoen tronuan egongo da Lucas, bai, Lucas agure zaharra . Zaharrei ere tronuan egoteko eskubidea eman die Elorriagak gizarte honetako gaztetasunaren erreinuan.
Ez dago akziorik, zahartzaroaren erritmoak mundu intimista, motela eta patxadatsua aurkeztuko digu. Baina erabat samurra eta gozoa. Elorriagak primeran lotu ditu harremanak eta gai izan da zahartzaroa eta gaztaroaren artean amaraun malgua ehuntzeko.
Amaitzeko idazkera aipatu nahiko nuke. Zoragarria begitandu zitzaidan, benetan. Berba bakoitzaz gozatu egin nuen. Gauza bera gertatzen zait Sarrionandiak idatzitakoekin ( Narrazioak, Kolosala izango da, Gizon izoztua…) Erraza eta samurra egiten zait irakurketa.
Unai Elorriagak idatzi dituen beste bi liburuak ere irakurri ditut. Vredaman oso arina eta atsegina da, nire ustez. Van’t Hoffen ilea, ostera, ondo kostata amaitu nuen.
Suscribirse a:
Enviar comentarios (Atom)
No hay comentarios:
Publicar un comentario