2007/10/28

SPrako tranbia

Unai Elorriagaren lehenengo nobela hau benetan bitxia iruditzen zait bai gai aldetik, bai egiturari dagokionez. Ez da narrazio lineala, atzera eta aurrera joan-etorriak egiten ditu baina era berean ulerterraz egiten zaio irakurleari.
Lucas, burua galtzen ari den agure baten inguruan dabilkigu istorioa.
Protagonistarekin batera, liburuan ageri zaizkigun beste pertsonaia batzuk Maria (Lucasen arreba), Marcos (neba-arreben etxera heldutako gazte berezia), Roma (Marcosen neskalaguna), ... Lucasen beharrizanei lotuta ageri zaizkigu egunerokotasunean baina era berean, modu atsegin eta xamurrean.
Goian aipatutako pertsonaia bakoitzak ere bere gogoetak egiten ditu istorioaren zehar: Mariaren ipuina, Lucasen ariketa, ...
Lucasek, protagonistaren mundu magikoan, biziak eta hilak nahasten ditu: hildakoen artean Rosa( Lucasen emaztea); Matias (tranbia gidaria), ... leudeke.
Lucasen ametsen artean, Shisha Pangma-ra igotzea eta tranbian ibiltzea aipa ditzakegu. Mendi horren izenetik letorke, hain zuzen ere, nobela honen izenburua: SP (Shisha Pangma).
Bestalde, istorioan zehar ironia puntu bat ere ageri zaigu eta zenbaitetan, umorea ere bai. Umorez tratatzeko hain gai aldapatsua izanik, aparteko ukitua ematen baitio kontakizunari.
Beraz, eleberri hau irakurri ez duen edonori gomendatzeko modukoa da. Istorioan zehar, eguneroko errealitatea zein ametsa estilo fin, xamur eta era berean, dotorean islatua baitago.

No hay comentarios: