2007/10/31

OTTO PETTE-Anjel Lertxundi

OTTO PETE
Anjel Lertsundiren nobela hau 440 orrialdekoa da eta sei kapitulutan dago bananduta. Letra xeheago batez badu bigarren titulua ere “HILEAN BIZIAN BEZALA” izenekoa, agian liburuaren mamiaz informazio gehiago ematen diguna. Kapitulu bakoitza pertsonaia nagusi batek hartzen du eta denen artean Erdi Aroan kokaturiko istorio lazgarri bat osatzen du kondaketak.
Ados nago Ibonek zutabe honetan esandakoarekin. Nobela elaboratua ikusten dut, borobila, bere garaian ondo txertatu eta pertsonaiak eta gertakariak egoki deskribatuak. Zahartzarora iritsitako zalduna bere bizitzaren errepasoa egitera halabeharez dago kondenatua, Herioarekin egin baitu topo aurrez aurre.
Oso euskara aberatsean idatziriko nobela honek intentsitatea gordeko du orrialdeetan zehar. Tentsio-uneak mantentzen daki eta apropos luzamendutan dihardu irakurleak interesa gal ez dezan. Hau da nik erreparatu diodan alde onenetariko bat. Hala ere, orrialde trinko eta egoki kontatu batzuen ondoren, beste batzuk trantsizioko orrialde betegarriak iruditu zaizkit, hauetariko batzuk euskara standarragoan. Gustura irakurri dut eta euskaraz adina kontakizunaz gozatu dut.

No hay comentarios: